RNA txerto

(Ingelesez) RNA txertoen funtzionamendua azaltzen duen bideoa

RNA txertoak (edo ARN txertoak) erantzun immunea eragiteko ARN-m erabiltzen duten txertoak dira. Txerto klasikoen aldean, beraz (mikrobio biziak, mikrobio motelduak edo mikrobioaren zati batzuk erabiltzen dituztenak) RNA txertoak RNA mezularian oinarritzen dira. Erabilitako RNA mezularia giza zeluletan sartzen da, eta bertan -itzulpenaren bidez- proteina espezifikoak eta arrotzak sortzen ditu, mikrobio patogeno baten edo zelula minbizidun baten proteinak hain zuzen [1].

Proteina arrotz horiek immunitate-sistemaren erantzuna aktibatuko dute, antigorputz espezifikoak sortuko dituena proteina horien aurka.

Beraz, RNA txertoek ez dituzte antigenoak sartzen gorputzean, horiek fabrikatzeko instrukzioak (RNA-m) baizik.

Txerto mota hauetan RNA-m babestuta dago nanopartikula lipidikoetan, molekula oso apurkorra delako eta erraz degradatzen delako zelula ostalarian sartzerakoan [2]. Era berean, txerto hauek izoztuta edo tenperatura oso hotzetan gorde behar dira.

Txerto klasikoen aldean, RNA txertoek onura batzuk dituzte [3]:

  • beren ekoizpena merkeagoa da
  • ziurragoak dira, mikrobioak ez dituztelako
  • RNA, itzulita izan ondoren, azkar degradatzen da, albo-ondorioen arriskua murrizten duena
  • immunitate zelularra eta humorala, biak, eragiten dituzte

XX. mendeko 90eko hamarkadaren hasieran erabili ziren estreinakoz RNA txertoak, hainbat saio klinikotan. 2013an amorruaren aurkako lehenengo RNA txertoak entsaiatu ziren, eta hurrengo urteetan beste gaixotasun infekziosoen prebentzioan saio klinikoak ere egin ziren. Baina txerto hauen lehenengo erabilera praktikoa 2021ean izan zen, COVID-19aren pandemiarekin. Orduan RNAko teknologian oinarritutako bi txerto eskala handian erabili ziren: Moderna Covid-19 txertoa eta BNT162b2 (Pfizer-BioNTech).

Azken urteotan minbizi mota ezberdinak tratatzeko RNA txertoak erabili dira [4]. Kasu honetan txertoak ez dira profilaktikoak, terapeutikoak baizik: minbiziaren tratamendurako erabiltzen dira. Tratamendu hori immunitate-sistemaren aktibazioan datza, honek zulula minbizidunak suntsi ditzan.

Kasu hauetan, RNA txertoek minbizi-zeluletan adierazten diren zenbait proteina ekoizteko informazio genetikoa dute, horrela immunitate-sistema minbiziari eraso egiteko trebatzen delarik [5].

RNA txertoen erabilera berria da, 2020. urtearen bukaerara arte ez baitzen baimendu bere erabilera, COVID-19ko pandemiaren testuinguruan. Hori dela-eta, goiz da jakiteko bere balizko arriskuak epe luzean [6]

  1. ¿Qué son las vacunas ARNm y cómo funcionan? Medline Plus (2022ko apirila)
  2. ¿Sirven las vacunas de ARN mensajero para tratar el cáncer? Instituto Nacional del Cáncer (022ko otsaila)
  3. RNA vaccines: an introduction University of Cambridge (2018ko urria)
  4. Santin, Izortze RNA txertoak: hurrengo geltokia, minbizia BERRIA (2023-04-28an)
  5. Cancer Treatment Vaccines NIH, National Cancer Institute
  6. Dolgin E. COVID-19 vaccines poised for launch, but impact on pandemic unclear Nature Biotechnology

Developed by StudentB